DBH4ko ikasleak eta PAUSOKA proiektua

PAUSOKA hirugarren adineko pertsonei bideratutako proiektua da, ibiltzeak eta modu atseginean egoteak osasuna hobetzen duelako.

Astearteetan, goizeko 10:30etan Lazkaoko plazan elkartzen dira ibiltzera joateko, paseoan ibiliz osasuna hobetu, aktiboagoak sentitu eta lagun berriak egiteko helburuarekin. Paseoa bukatu ondoren salda hartzeko parada izaten dute Orobione tabernan.

 

Hileko azken asteartean, Txindoki Egoitzan bukatzen dute eta egun honetan DBH4ko ikasleek parte hartzen dute egoitzako erabiltzaileei laguntzeko asmotan. Ikasleek 10:15etan udaletxe-aurrean txartelak hartzen dituzte (3 ikasle bertan gelditzen dira kontrol orriak betetzen) eta 10:30etarako Txindoki Egoitzara joaten dira aiton-amonen bila, bertara bueltatuz paseotxoa eman ondoren. Salda dastatu eta gero, 11:30etarako ikastolara itzultzen dira. Eguraldi txarra egiten duenean B plana prestatzen dute ekintzaren bat burutu dezaten egoitzakoekin. Hil honetan, adibidez, soinketa egiten aritu dira aiton-amonekin.

 

Ekintza honekin gure ikasleek, belaunaldien arteko harremanak eskaintzen duen esperientziaz gain, etorkizunera begira, lanbide-orientazio modura ere etekina lortzen dute.