Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Lazkaoko Ikastola 1963an sortu zen.

Goierri osoan erdal eskolak besterik ez zeuden garai hartan, Jaxinto Setien eta Aitor Muruamendiarazen ekimenez, gurasoak, andereñoak eta laguntzaileak bildu eta abian ipini zuten ikastola. Hamabost ikasle zituen eskola hura San Migel Ikastola izenarekin hasi zen Bordatxuri etxean lekutxo bat egokitu eta gero.

San Benito Ikastolaren sorrera

Lehen ikastola hura bi andereñorekin jarri zen abian. Mari Isabel Aldasoro eta Mari Karmen Eizagirre hain zuzen ere. Zailtasunak ez ziren falta Goierriko lehen ikastola hartan. Espazio falta nabarmena zen eta, horri aurre egiteko, fraideek, lekaimeek eta hainbat herritarrek utzitako lokalak erabili ziren. Irakasleen aldetik, euskaldun titulodunak aurkitzea oso zaila zen. Metodologia berria zen. Hori zela eta, bederatzi hilabeteko praktikak egin behar izateaz gain, ikastaroak antolatzen ziren irakasleentzat. Bestetik, orduko egoera politikoan ikastola ez zen guztien gustukoa. Baina arazoak arazo, aurrera jo zuen.

Inguruetako herrietakoak bezala, lazkaotarrak Beasaingo ikastolara joan behar izaten zuten batxilergoa prestatzera. 1983-1984 ikasturtean 14 urte artekoa eman zen Lazkaon eta 1986-1987an batxilergoa eskaini zen. 

1993an LOGSE indarrean jarri zutenean, ikasleak bailara osotik heldu ziren Lazkaora. DBHko ikasleek mugitu beharra izan zuten herri txikietatik eta Ikastolak ikasle horietako asko jaso zituen.

Gaur egun, gure ikastola Eusko Jaurlaritzak itundutako ikastetxe bat da eta 850 ikasle ditu, baina Ikastolaren helburua 15 ikaslerekin hasi zen garai hartan zuen berdina da: gure haurrak euskaraz heztea.

Gure historiako hainbat gertakari

1963

Ikastola sortu zen. Eskualdeko lehena.

1967 - 1968

Lehen hezkuntzako 4. maila eskaintzen da lehen aldiz.

1968 - 1969

Eskualdeko ikastolak bateratu eta 4. mailako ikasle guztiak Beasainera joaten dira.

1970

Beneditarren izenean ikastola urte betez legeztatzen da eta San Benito izena hartzen du. Mikelar eraikina egiten dute.

1983

San Benito kultur-taldea sortzen da. 280 ikasle ditu ikastolak.

1984

Lehenego promozioak OHOko 8.maila amaitzen du.

Plazako eraikina egiten dute.

1986

Batxilergoa eskaintzen hasten da.

1990

Beste herrietako ikasleak jasotzen ditu.

1992

Jangelari hasiera ematen zaio.

Eleaniztasun goiztiarraren proiektua hasten da.

1993

Eskaintza 2 urteko ikasgelekin zabaltzen da.

1994

Garraioa eskualde guztira zabaltzen da.

1999

Eskaintza Haur eskolako aldi osora zabaltzen da.

2003 - 2004

  • KMK´03 ospatzen dugu.
  • Zilarrezko Q saria lortzen da.
  • Ikastola kooperatiba bihurtzen da.
  • San Prudentzio eraikineko zabaltze obrak,barne patioa estali eta berriztatze batzuk amaitutzat jotzen dira 2004-05 ikasturte haseran.

2005

  • Jangela berria martxan jartzen da. Bazkaria bertan prestatzen dugu.
  • Eraikinaren L.H. aldeko berriztatze obrak bukatzen dira.

2006

Mikelar eraikinaren zabaltze eta berriztatze obrak egiten dira.

2009

Haur Eskolako eraikin berria zabaltzen da.

2013

San Benito Ikastolak 50 urte betetzen ditu.

Ikastolen mugimendua euskal herrigintzako mugimendu berezietakoa da, euskararen norabidean eragin handia izan du, eta hezkuntzara ere haize berriak ekarri digu, Mugimendu horretarako lehenengo ikastoletakoa izan da Lazkaokoa.

Bizinahiaren indarra dario San Benito Ikastolaren mende erdiko ibilbideari. Horixe izan zen bidaiaren abiapuntua: herritar batzuk euren inguruko errealitatea eraldatzeko izan zuten barne-bulkada. Horrek elkarrekin amestera eraman zituen eta ametsa egia bihurtzeko pauso ausartak ematera. Emaitza herrigintza esperientzia, pedagogia esperientzia, antolakuntza esperientzia eta giza esperientzia berezi bat izan da.

Esperientzia horren gakoetako bat hezkuntza-komunitatea trinkotzea izan da: irakasleak, langileak, ikasleak, gurasoak eta herritarrak, Une zailak izan dira historian zehar, baina nekearen aurretik proiektuan ilusioa, sinesmena eta konpromisoa jarri dituen hezkuntza-komunitate bati esker heldu da gure ikastola gaurdaino.

Bidegile horien ahotik kontatu nahi izan dugu, hain zuzen, gure Ikastolaren eta Herriaren iragana, eta “EKINEZ EGINA: San Benito Ikastolaren MENDE ERDIKO IBILBIDEA” liburuan jaso duguna zuen esku jarri ahal izateko (idazkaritzan salgai).

Liburu hau izan dadila guztien lanaren oroigarri, eta etorkizuneko bidegileentzat baliagarri, honaino ekarri gaituen ahalegin eta kemenaren jakitun izan daitezen.

2014 - 2015

IKT Heldutasun ziurtagiria lortzen da.

2017 - 2018

Haur Eskolako kanpo espazioen egokitzapenaren lehenengo fasea burutzen da.

2018 - 2019

Teknologia gela berritu eta jolastokiko estalpea eraikitzen da.

2019 - 2020

Mundu mailako pandemia jasan genuen eta martxoaren erditik aurrera etxeratuta izan ginen. Ondorioz, gure lan jarduna etxetik eraman genuen aurrera. Ikastute amaieran, ikasle batzuk ikastolara bueltatu ahal izan zuten ikasturtea bukatu eta USE frogak prestatzeko.

2020 - 2021

HH - LH egokitzapen obraren lehen fasea burutzen da.

2021 - 2022

Beasain, Lazkao eta Ordiziako ikastolok, KMK 2021 ospatzen dugu BATERA, BAGARA, BAT GARA lelopean.

HH - LH egokitzapen obraren bigarren fasea burutzen da.

DBH-DBHOko eraikina handitu eta egokitzen da.

2022 - 2023

Steam School Label Competent zigilua lortzen da.

Ikastolaren 60. urteurrena ospatzen da eta honekin batera, iruditegi eta abesti berria aurkezten dira.